XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ai ama! Badatorrela! (eta 2)

Aurreko Aretxagazetan zenbait animaliak beren harrapakarietatik babesteko garatu dituzten hainbat teknika aztertu genituen, hala nola, POZOIA sortzea eta BEGI FALTSUAK margotzea.

Gaur beste batzuk ikusiko ditugu.

Mimetismoa

Animalia batzuek, ingurune konkretu batean ezkutatu ahal izateko, bere gorputza aldatu dute.

Horrela kamaleoiak kolorez aldatzeko erraztasuna dauka, bestalde itsasoilarra eta bera bezelako arrain zapalak itsas-hondoari egokitu zaizkio, eta ezin ahaztu zenbait intsektu ere, hala nola makila-intsektua edota hosto-intsektua.

Arantzak, letaginak eta adarrak

Adarrak eta letaginak erasotzeko armak izan badaitezke ere, nola ez dute ba defentsarako balioko.

Basurdearen letaginek aberia latza egin diezaiekete bera ehizatzera doazenei.

Arantzak ere sarritan agertzen dira animalietan, kirikinotan adibidez.

Teknika hau landareek ere erabili dute (esate baterako oteak).

Batzutan arantzak pozoiaz ornituak daude, itsaskabraren kasuan letxe.

Beldurra eman

Zenbait animalia egongo da munduan arriskugabeak izanik ere beldurra ematen dutenak...

Erasoa ei da defentsarik onena, hau dela eta, hainbat harrapakinek nahiago izaten dute beren harrapakariari aurre egin eta hau flipaturik dagoen bitartean alde egitea.

Tamaina haunditu

Zenbait igelek, esate baterako, beren gorputza puztu egiten dute direna baino haundiagoak direla erakutsiz.

Horretaz gain zarata itsusiak eta mugimendu arraroak egiten badituzte inpresio galanta eman diezaiokete berauek jatera datorrenari.

Oskola

Hau da defentsa mekanismorik zaharrena, eta dirudienez nahiko arrakastatsua izan da, izan ere, dinosauroen garaian bizi ziren zenbait animaliak gure artean dirau oraindik.

Adibide jatorrena dordoka dugu.

Baina oskolak baditu bere eragozpenak.

Alde batetik animaliak ezin du abiadurarik hartu pisu haundia daramalako berarekin eta bestetik animalia askok oskola aldatu beharra dauka haunditzen doan heinean, otarrainak kasu.

Esan beharrik ez dago aldaketa momentu kritikoa izaten dela animalia hauen bizitzan.

Mikel Arroiabe